Onintza Enbeita.
BIRA

Ikusezinak

2019ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Laguntzeko eskatu zidan. Mesedez. «Ayuda, por favor», esan zidan aste oso batez, laguntzea deliberatu nuen arte. Ez dut gauza askorik egin behar izan, ez dut nire familia, bizitza, lagunartea edo kontu korrontea arriskatzeko beharrik izan. Kontua da asko daudela bere egoera berean, eta bati bakarrik laguntzeak ez laguntzearen adinako zer pentsatua ematen zidan. Hala ere, elkarren bidean gurutzatu gara, eta, paperen odisea errazteko balioko diolakoan, eskatutakoa eman diot. Ez naiz harro sentitzen, ez naiz damutzen, ez dut txalorik nahi. Barruak agintzen didana egiten dut (berriro).

Gure herrietan bizi dira, gure kaleetan bueltaka dabiltza. Bizimodua ateratzeko ahaleginean ari dira, eta guk ez ditugu ikusten. Ezer erosteko asmorik gabe haien ondora joan eta adarra jotzen dien jendea badago. Ezin ditut jasan. Utzi saltzailea bakean ez baduzu ezer erosi nahi. Ez ditugu ikusten, ez dakigu non bizi diren, nola lo egiten duten, zein egoeratan dauden, egunero jaten duten, atzean nor utzi duten, ilegalak diren... bat-batean «ayuda, por favor» esaten dizu batek, eta denak ikusten dituzu kolpe batean; eta ezin duzu haien alde ia ezer egin. Eta potrosa samar sentitzen zara, hipokrita eta aberats, zuri eta ezdeus.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.