Onintza Enbeita.
BIRA

Kontzientzia

2021eko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Ikasi dugu ezgaitasuna edo ezindua edo atzeratua ez direla berba egokiak. Badakigu gure lantokian edo gure seme-alaben eskolan itsuak, autistak, gorrak, Downen sindromea dutenak... egongo direla. Batzuetan, ez beti, kafe ordua konpartituko dugu haiekin, edo, txikiak diren artean, gure umeen urtebetetze festara gonbidatuko ditugu. Adin batetik aurrera, ordea, esango dugu gure seme-alaba nerabeei ezin diegula zama hori jarri nahi ez badute, edo esango diogu geure buruari lanorduetatik kanpo ez dugula inoren ardura hartu beharrik. Eta orduan, ikasi dugun hori guztia, politikoki zuzena den hori guztiori gezur handi bat dela ikusiko dute benetan aniztasun funtzionala dutenek edo haien senideek. Ez gara guztiontzat egindako mundu batean bizi; ez dago aukera berdintasunik. Politika publikoak zuloz beteta daude, baina gure kontzientzia ere errazegi konformatzen da.

Gaur, esate baterako, autismoarekiko kontzientzia hedatzeko nazioarteko eguna da, baina oporretan gaude, eta Kopako finala da justu bihar, eta gure kontzientziak okupatuegi daude. Bihar edo etzi edo datorren astean, autistekin komunikatzearen zailtasunaz hitz egingo dugu tabernaren batean. Eta ez gara ohartuko, benetan, ze gutxi komunikatzen garen gu geu geurekontzientziarekin. Bestela, ez genuke lorik egingo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.