Gogorra da lehen mundua deitzen dugunak mugak nola ixten dituen ikustea. Lotsagarria da euren herrietatik ihesi, bizimodu hobe baten bila, ametsen bat eraikitzera edo beste edozein arrazoirengatik gurera datozenak nola tratatzen ditugun ikustea. Ditugun, bai; azkenean gu ere sistemaren parte gara. Harrera tokietan hartu egun batzuetan, eta gero kalean uzten dira, inolako bermerik gabe. Ez dugu pentsatzen kalean galtzerdiak saltzen edo gure etxea garbitzen dabiltzan pertsona horiek zer bizi izan duten hemen egotearren; are gutxiago, zer bizi duten oraindik hemengoak ez direla pentsatzen dugulako. Jatorriak markatzen du haien bizitza: jaiotzatik. Ordea, asko pentsatzea da haien miseria beharrezko dugula geu ondo bizi izateko, eta errazagoa da limosna apur bat ematea hala irizten diogunean.
Izugarria da mugetan ateak irekitzeko zain dagoen jendea ikustea Ceutan zein Mexikon. Are izugarriagoa oraindik, mugak irekitzen direnean zergatik irekitzen diren ikustea. Bizitzak jokoan daudenean ere, harreman diplomatikoek agintzen dute. Herrialde batek beste herrialde baten etsai bat artatzen badu, mugak ireki eta artatu duen herrialde horretan milaka lagun sartzen dira. Ez dakit noiz utzi genion pertsonak izateari, baina orain, merkantzia baino ez gara gobernuen begietan.

BIRA
Mugak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu