Nik ez dakit gurea bezain geografia zaila izango duen beste herrialde bat izango den. Berez, zazpi lurralde gara, baina muga administratiboak inposatu zizkigutenetik nahastu egin gaituzte. Iparraldea deitzen diogu Euskal Herriaren ekialdeari, eta hegoalde erdialdetik mendebalderako zatiari. Benetako hegoaldeari buruz berba egiten dugunean Nafarroako Erribera esaten dugu, eta benetako iparraldeaz ari garenean Bizkaiko edo Gipuzkoako kostaldea. Euskal Herriak hiriburu bakarra konpartitzen du historikoki, baina banaketa administratiboaren zein zatiz ari garen, bat edo beste azpimarratzen dute erakunde publikoek. Benetan da nahasgarria gure geografia; edo hobeto esanda, benetan nahastu dute gure geografia inposatu dizkiguten mugek. Eta guk inposizio horren arabera hitz egiten dugu: batzuek kontzienteki eta beste batzuek inkontzienteki.
Telebistako eguraldiaren mapak ere ez du laguntzen, dena esan behar bada: Errioxa eta Kantabriako eguraldiari buruz gehiago dakigu, Donibane Garazikoaz baino. Joan den maiatzaren 4an hauteskundeak izan ziren Madrileko Erkidego Autonomoan, eta gure komunikabideetan han gertatu zenaren jarraipen zehatza egin zuten. Oraintsu, hauteskundeak izan dira iparraldea deitzen dugun Euskal Herrian, eta apenas hitz egiten dugu emaitzez.

BIRA
Gure geografia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu