Aurpegi desberdinak ikusten diren astelehenetan eskertzen dira gehien betiko aurpegiak. Atzo goizean goizetik konturatu nintzen zenbat estimatzen ditudan asteleheneroko bezeroak. Iazko martxoan azoka bertan behera gelditu zenean, gure generoa izaten jarraitzeko alternatibak asmatu zituzten. Nik positibo eman nuenean idatzi egin nien arrautzarik gabe utziko nituela esanez, eta garrantzitsuena ni ondo egotea zela erantzun zidaten. Eta azokara itzuli nintzenean goxo hartu ninduten: bezero hutsak baino gehiago dira. Atzo jende asko ibili zen Gernikako azokan; ordea, jai eguna hasi aurretik karroarekin etorri ziren asteleheneroko aurpegiak: berandu egin orduko, jende gehiegi etorri orduko... Eta goiz erdi inguruan, tripak deika hasten diren garai horretan, kafea ekarri zidaten. Igandean Gernikako bertso saioan azokako gaia erabili genuenean esan egin bainuen, hitz egiten jarraitu nahi duena, etor zedila astelehenean kafearekin gure postura. Bada, bat etorri egin zen. Eta egun osorako irribarrea lapurtu zidan.
Maitatua sentitzen naiz azokan: ondoan ditudan saltzaileengandik eta bezeroengandik. Urteekin elkarrenganako konfiantza handia egin dugu, eta estimuan daukagu batak bestea. Itzuliko dira azoka handiak Gernikara, baina betikoei eusteak mantenduko du gure sarea zutik.

BIRA
Bezeroak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu