Onintza Enbeita.
BIRA

Seinaleak

2022ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Modak aldatu egiten dira, baina ez kasualitatez. Une historiko bakoitzean une horrek behar duena lehertzen da, eta gu rocketik gatoz. Pop musika entzutea horterek eta konpromisorik gabeek egiten zuten garai batetik, gutxi gorabehera.

Orain perreoa gustatzen omen zaie egun gazte direnei, eta gure adineko gazte ustekoek Twitter bidez eztabaidatzen dute musika hori musika den edo ez. Eskerrak gazteek molde berrietan eta euskaraz kantatzen duten inori begira egon gabe, bestela jarraituko genuke Sarri Sarri-rekin bakarrik dantza egiten.

Gaur barre egin diot neure buruari. Letra bat eskatu zidaten duela hilabete batzuk, eta gaur emaitza jaso dut whatsappean. Pena ematen dit momentuan nire aurpegia grabatu ez izanak. Bigarren aldiz entzun behar izan dut gustua hartzeko, eta gero lankide bati jarri diot. Arraro egin zaio berari ere hasieran. «Beste musika batzuk entzuten genituen guk», esan dugu elkar kontsolatzeko, baina sinetsita nago doinu eta kantaera hori dela orain eskaini behar dena. Guri, 40 urteren bueltan gabiltzanoi, arraro egin izana seinale ona da. Bai behintzat seinale horretan ulertzen badugu haustura bat egon dela, belaunaldien, beharren eta adierazpideen aldaketa bat. Beraz, bejondeiela guretzat arraroak diren gauzak egiten ari direnei: hil ezazue aita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.