Onintza Enbeita.
BIRA

Koherentzia

2022ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Azoka egin genuen herrian. Batzuentzat legearen kontrakoa da, baina baserrietan egindako irina eta txerrikia erabili genituen taloak egiteko. Arrakasta izugarria izan zuten. Inoiz ez bezainbat saldu genuen. Bat etorri zitzaigun merke ari ginela esaten. «Gernikako urriko azokan ikusiko duzue zenbat kobratuko diguten, eta ez da hain ona izango!», esan zigun. Arrazoia ere bazuen; baina ez genuen dirutza irabazi nahi. Bide batez, ondo dago jendeari erakustea bertokoa, ona eta guztiok ordaintzeko modukoa ekoiztea posible dela.

Geuk egingo diogu geure buruari harrika, ordea. Ipiniko ditugu baserritarren azoka handiak egiten diren leku guztietan taloak salgai ikastolen alde, presoen alde, herriko dantza taldearen alde, errugbi taldearen alde, txirrindularien elkartearen alde. Eta lanean arituko garen asko baserriko seme-alabak izan arren, edo herriko harakina gurekin ze ondo portatzen den jakin arren, ekarriko dugu txerrikia merkeen ematen digun almazenetik. Irina ere ahal den lekutik: Mercadonatik ere berdin. Jendeak bost edo sei euro ordainduko dizkigu gure jakiok defendatzen dugun kausa horren alde, eta aurrera bolie.

Kausa guztiak bat dira, hala ere. Ez genuke koherentzia baztertu behar euro batzuk gehiago ateratzearen izenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.