BIRA
Jasateko gaitasuna
Urruti gelditzen ari zaizkit desertuan emandako egun apurrak, baina han ikusitakoaren oihartzuna entzun dezaket oraindik. Ez du mundu guztiak ulertu esperientzia ederra baina gogorra izan dela azaldu dudanean. Ustez nik baino askoz gehiago bidaiatu duen lagun batek barre egin zidan eta ni baino askoz koherenteagoa den beste batek bizitza errealera ekarri nahi izan ninduen. Ez diot inori niri barre egiteko eskubidea ukatuko, baina bata zein beste, pobrezia jasateko nire gaitasuna epaitzen saiatu ziren.
Ez da asko bidaiatu behar pobrezia ikusteko. Guk ez dugu gure bizilagunaren gosea ikusi ere egin nahi, baina ze politak diren ume afrikarrak gure banderekin agertzen direnean argazkietan. Maletarekin bidaiatu beharrean motxilarekin bidaiatzeak koherenteago egingo bagintu bezala. Nik ez dakit pobreziarekiko zein jasate gaitasun daukadan, baina ikusi nituen herri arrantzale batetik erauzitako milaka herritarren seme-alabak desertuan. Eta ulertu nuen haien kulturak dakartzan pista guztien kontra, hondarretan ari direla urazak landatzen. Eta hori horrela gertatzen da norbaiti hala komeni zaiolako politikoki (ia beti bezala), eta jasan ezin dudana da pobrezia edozein gradutan jasateko gai omen den jendea ez izatea kapaz, haren azterketa politikoa egiteko.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.