Onintza Enbeita.
BIRA

Leihotik begira

2023ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Ekaitzaren argazkiek bete dituzte sareak. Elurra erakusten dute guztiek: elur-ekaitza. Agian, klima aldaketak ekarri duen beste gaitz bat izango da gauza guztiei ekaitza deitzea, baina elurra egiten duen aldiro ez du zertan ekaitzik egin. Elurra egitea normala da neguan, edo hala zen ni bizi nintzen Euskal Herrian. Orain ez dakit zer den normala eta zer den aldaketaren emaitza, zenbat lehorte biziko ditudan bizi naizen tartean... baina elurra gauza ederra da.

Kalean bizitzera kondenatu dutenak ez du elurrik merezi, jakina. Udan tomateak jan nahi ditugunontzat, ordea, lagungarri da elurra: lurra garbitzen du, gaitzak eramaten ditu eta xomorroek lo egiten dute. Ez baitira hiltzen, ezkutatu baino. Gure herrian bazegoen, hala ere, hil egiten zirela pentsatzen zuen gizon bat: «Iaz patatari koko guztiak erre neutsazan eta aurten gehiago daude!», esaten zigun. Zerbaitek egiten zion huts bere hirukotearen erregela sinplean, eta zahartzarorako erantzun bat aurkitu zuen: «Abioietatik botaten deuskuez, gero botikak erostera joan gaitezen!». Ez zebilen erabat oker, baina hori baino korapilatsuagoak dira kapitalismoa eta haren karietara eraikitako mundua.

Utz diezaiogun neguari etortzen, gelditzen eta joaten; eta ikas dezagun eguraldiari leihotik begiratzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.