Onintza Enbeita.
BIRA

Eraman edo joan

2023ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Pentsatzen jartzen naizenero konturatzen naiz zenbat aldiz erabaki duen bizitzak nire partez. Gauzak etorri ahala hartu ditut, eta inertziak amaitu ditu harremanak, edo ezetz ez esatearren amaitu dut pantaila aurrean inoiz egingo ez nukeena egiten, edo kuriositate hutsagatik agertu naiz bodya soinean dudala argazkietan. Joan eta joan egin dut batzuetan, baina eraman eta eraman egin nau bizitzak gehiagotan. Batzuetan onerako izan da, baina ez beti. Orduan, perspektibatik pentsatuta, argiago izan behar nituen gauzak hasieratik. Inkontzientziak lagundu egiten du egoera batzuetan, baina labana asko utz diezazkiguke bizkarrean.

Horregatik gustatzen zaizkit galdera asko egiten dituzten gazteak. Ezer eskaintzen diotenerako edo zerbait berria usaintzen dutenerako, galdetu egiten dute, arakatu eta ikertu. Nik ez nuen beti hori egin, eta galdetzen dutenek ere beti ez dute erantzuna kontuan hartuko. Gauza da galdetzeko ohiturak disgustoak aurreztu ditzakeela. Eta, hala ere, askotan ez dut erantzun nahi izaten, min batzuk norberak hartu beharrekoak direlako.

Ariketa zaila da bizitzaren bidean joatearen eta bizitzari nahinora eramaten uztearen arteko oreka. Inoiz iritsiko ez zinatekeen lekuak ederrak direnean, sentsazioak izugarriak dira; baina alderantziz ere gerta daiteke.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.