Gure amama biziko balitz, mundua erotzen ari dela esango luke. Umeak ginenean esaten zigun mundua ez zela bimilagarren urtera iritsiko, eta 2001ean hil zen bera. Eta harrezkero asko aldatu dira gauzak gurean eta munduan. Ez denak onerako, jakina: okertu ere gauza asko egin dira. Amamari bere semeak erantzuten zion beti, hala ere: mundua ez dela erotzen dena, mundukoak baino. Alegia, amak uste zuela halabeharrez aldatzen zirela gauzak eta semeak azaldu nahi izaten ziola gu garela aldaketak eragiten ditugunak.
Eta iritsi naiz zalantza hori handitu egin zaidan garaira. Ez dakit nor den erotu dena: mundua ala gu. Eta pentsatzen hasi naiz geu garela munduari erotzea eragin diogunak. Egia da orain esaten digutela munduaren patuan idatzita zegoela planetaren berotzea: ezinbestean gertatuko zela. Hala izango da; ez daukat nik ukatzeko edo baieztatzeko daturik, ikusten dudana besterik. Argi dut, hala ere, berotzeari lagundu egin diogula; asko. Gaizki joan dena okertu egin dugu: azkar gainera. Ze ondo etorri zaigun, dena den, orain entzutea guk edozein gauza eginda ere planetak berotzera egingo zuela. Ez daukagu orain ezer aldatu beharrik, dena egin dezakegu nahi dugun moduan. Gure amamak Jainkoaren eta munduaren eskuetan uzten zuen ardura, eta guk halabeharrarenetan.

BIRA
Mundua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu