Onintza Enbeita.
BIRA

Postureoa

2023ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Gauza alaiak idazteko esan zidan lehengoan hernaniar batek. Pentsatzen hasi nintzen ea zer idatzi nezakeen nik alairik, baina esan nion neure buruari ez ditudala hain gauza tristeak ere idazten. Kontua da ezin zaiola errealitateari iskin egin. Beti dago, hala ere, bizitzan pozerako tartea. Atzo, esate baterako, udaberria loratu zen. Apirilean berriz ere elurra egingo duela diote, baina oraingoz, loretan daude belardiak. Niretzat momentu ederra da zelaietan loreak agertzen direna. Bizitza beti itzultzen den seinale da. Urtarrilean eta otsailean izandako hotzei gehiago egiten die bizitzeko gogoak, eta han itzultzen da berdetasuna bere zikloan.

Gauza alaiez idaztekotan udaberriaz idaztea da aukera bat, baina aldi berean, kursia da. Sortzaileek gehiago hitz egiten dute udazkenaz eta neguaz: malenkoniaz eta tristuraz. Sormenetik bizi garenok ere badugu postureoa zaindu beharra eta alaitasunetik idaztea ez da epikoa. Ez behintzat tristuratik idaztea bezainbeste. Institutu garaian jarraitzen genituen mutilen antza hartzen diot honi guztiari. Inteligentziaz urri egon arren, lagunen aurrean harrotzeko mutil gaiztoekin ibili nahi izaten genuen. Eta orain, alaitasunerako nahi adina arrazoi izanda, beti gauza pisutsuak idazten ditugu. Postureoa besteei egotzita, jakina.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.