Gauez Bilboko Areatzako zubianzoazela, arratoi bat ikusten baduzu, begiratu ingurura. Ia inoiz ere ez da bakarra. Asko dabiltza eta gu ezkutatzen garenean agertzen dira. Gernikako errio inguruan ere bai. Bat ikusten duzunerako, gauza ziurra da asko egongo direna. Baita katuak ere. Katu bati jaten ematen dionak laster erosi beharko du janari gehiago. Jaberik gabeko katuak erraz ugaritzen dira. Baserrietan oso normala izan da katakumeak hiltzea. Ez dut nik horren aldeko apologiarik egingo, baina katuen populazioa orekatuta mantentzea zaila izaten zen lehen. Orain antisorgailuak daude animalientzat. Edozelan ere, natura libre den lekuetan errazago orekatzen dira ekosistemak haien kasa.
Hirietan dago arazoa. Edonon dago janari arrastoren bat maite ez ditugun animaliek biziraun dezaten, eta maite ditugunei eman egiten diegu. Usoak, kaioak, katuak, arratoiak... etengabe gehitzen dira gure ogi-apurrak jan ondoren. Balkoian eskegita ditugun arropen gainera kaka egiten digutenean, edo etxe atarian kumeak uzten dizkigutenean, edo taldeka ikusten ditugunean soluzio bila abiatzen gara, ordea. Animaliak bakean uzten ikasi behar genuke. Gurekin bizi ez direnek ez dute guk jaten ematerik behar, eta egiten dituzten gauzak ez dituzte gu izorratzeko egiten.

BIRA
Animaliak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu