BIRA
Migratzaileak
Poliziak migratzaileak atxilotzearren izan ditzakeen hobariez, baina ez dituenez, baina norbaitek agindu dituenez eta azkenean emango ez direnez ari garen bitartean, migratzaileek bidean hiltzen jarraitzen dute. Ez da Interneten edo komunikabideetan larregi arakatu behar Calaiseko kanpin denden irudiak ikusteko. Ezta Melillako Gurugu mendian dagoen egoeraz irakurtzeko ere. Irunera iritsi orduko, bidean hiltzen dira migratzaile asko eta asko, eta beste askok sekulakoak jasan behar izaten dituzte: europarron mespretxua barne. Telebistak lantzean behin baino ez dizkigu ematen irudiak, eta erakusten ez digutena ez dela existitzen pentsatzeak bizirauten laguntzen digu. Haien herrietara joaten gara elkarlaguntzara, baina gero, bueltan, topera bizi gara. Haien egoera hobetzeko gure erritmoa jaistea asko eskatzea da, antza. Elkartasuna deitzen diogu, baina sobratzen zaigun baliabideak eta denbora baino ez dizkiegu eskaintzen. Gauzak oso eskandalagarriak direnean bakarrik kezkatzen gara haien egoeraz, bizitzaz, izenaz...
Galtzerdiak saltzera datozenean enbarazu egiten digute, adingabeen zentroetan daudenean lapurtzat hartzen ditugu, eta, negozioak zabaltzen badituzte, ez gara fidatzen diruaren jatorriaz. Hipokrisiak ez du inora migratzen: hortxe dirau europar zuriei itsatsita.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.