andoni egana
HITZ ETZANAK

Tonto

2018ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Urrutira edo/eta etorkizunera begiratuz esaldi borobilak botatzeko gai direnek zeinen ezdeusa naizen ekartzen didate gogora behin eta berriz. Bila ibili gabe, atzoko BERRIAren lehen orrian Paolo Nespoli eta Andras Kornaik egindako adierazpen bana ageri zen. «Etorkizunean jende guztia joan ahalko da espaziora», zioen Nespolik. Eta zuk, ezer gutxi dakizu espazioaz eta etorkizunaz, eta, are gutxiago, zenbat jende joan ahal izango denari buruz. Sinetsi, eta kitto. «Esparru digitala aintzat hartuta, arriskuan daude hizkuntzen %95», zioen Kornaik. Eta zuk, dakizuntxoa dakizu hizkuntzez, eta ezer ez esparru digitalaz eta ehunekoez. Irentsi, eta segi.

Gauza beretsua gertatzen zait edozein eztabaida edo mahai ingurutan «horixe bera gertatu zen Afganistanen laurogeiko hamarraldiaren hasieran» edo «Balkanetako gerrak zerbait irakatsi bazigun, irakatsi zigun...» edo «New York Times-ek garai hartan aldatu egin zuen pittin bat bere norabidea» entzutean. Nork botea den, fidagarritasun handiagoa edo txikiagoa emango diozu esanari. Baina ezin uxatu izango duzu, zu, ezjakin konpletoa zaren ustea.

Nolanahi ere, mila esker garai batean ile-horia izan nintzela gogorarazten didazuenoi. Gizonezko ile-horiak ez duela tonto famarik? Bestelako kontua da hori...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.