andoni egana
HITZ ETZANAK

Orain

2019ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Bazeramatzan pare bat aste kanpoan, barruan hogeitaka urte eman ondoren. Gauez iritsi ziren etxera emaztea eta bera. Giltzak sakelan zeramatzan eta berak ireki zuen atea. Bera sartu zen aurretik, eta korridorean barna zihoan emaztearen errietaldia entzun zuenean: «Ez al duzu argirik piztu behar? Zer nahi duzu estropezu eginda zartako bat hartzea?». Emazteak piztu zuen argia. Bera ohituegia zegoen argiak beti besteek pitz zitzaten, beti besteek nahi zutenean.

Guretzat poz txiki zirenak handi ziren beretzat. Arrautza frijituena, esaterako. Buruan iltzatua ekarri zuen etxerakoan. Gorringotan ogi puntta busti eta hura jatearen plazera. Hogeitaka urte eman zituen nonbait arrautza frijituak iristen zitzaizkionerako gorringoa lehortua zeukatela etsipenez frogatuz. Plazer eskuraerraza zitzaion orain gainera... Kontserba-latekin ez zitzaion horrelakorik gertatzen. Aski erraz ikasi zuen erosketak egiten. Etxeko apaletan txukun-txukun sailkatuta ipintzen zituen erositako kontserba-latak. Emazteak edo semeak haietakoren bat ukituz gero segituan konturatuko zen eta gauza zen sekulako xextra sortzeko, nahiz horrek orain zentzurik ez zuela jakin.

Argia pizteko garaia da. Lata ematen segitzekoa. Gorringoak lehor ez daitezen. Orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.