Onintza Enbeita.
BIRA

Gernika

2019ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Estrategia militarra milimetroraino antolatuta zeukaten faxistek. Astra ez zuten bota: armak behar zituzten. Andra Mari eliza ere zutik utzi zuten: berrogei urtez eseri ziren faxisten lagunak elizako lehen lerroan. Ez dakit kontzientzia garbitzeko beharrik izan zuten, baina Jaungoikoaren izenean hitz egiten dutenen babesarekin egin zuten egin zuten guztia. Eta igandero erakusten zuten nortzuk ziren nagusi. Berrogei urtez zapaldu zituzten faxismoaren aurka eta Euskal Herriaren alde altxatu ziren familiak. Gernika erre zutenean, haren kale ederretan bizi izan zirenak txaboletara joan ziren, edo senideen baserrietara, edo batek daki nora. Gernika berria, gerrako presoek harriz harri eraiki zutena, badakigu nortzuen artean banatu zuten. Eta orain, ez dugu horretaz guztiaz hitz egin nahi. Ez omen du merezi historiaren urari eragitea.

Etxeak kendu zizkiguten, gure senideak atzamarrez seinalatu zituzten preso har zitzaten, zigortu egin zituzten euskaraz hitz egitearren, Francori ohorezko ikurra eraman zioten, gure basoak bota eta dirua eurentzat hartu zuten. Etorri ziren, Gernika erre zuten eta joan egin ziren. Baina haiek joan zirenean, haien lagunek zapaldu egin gintuzten berrogei urtez, eta horretaz hitz egiten ez badugu, ez dugu benetako memoriarik eraikiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.