Onintza Enbeita.
BIRA

Konpetentzia

2019ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Baserritarrek askotan esaten diote elkarri gezurra; batez ere, azokan. Mitotik asko du uste horrek, baina errealitate gordinetik ere zerbait bai. Ez dakit nork diseinatzen dituen nekazaritza politikak (edo orain ez ditut ahotara ekarri nahi), baina ez dute ezer egiten lurra landuta bizibidea atera nahi dutenen alde. Merkatuaren logika basatian oinarritzen da elikagaien ekoizpena. Norbaitek sartu digu buruan azokan gure ondoan dauden baserritarrak direla gure konpetentzia, eta hor ari dira batzuk albokoari gezurra esanez, hark baino gehiago saltzearren.

Bitartean, elikagaien ekoizpenean logika salbajeetan sartu zutenek sekulako konpetentzia egiten digute. Dena saltzen dute baserritarrek baino merkeago. Inork ez daki nondik ekartzen dituzten gereziak Gabonetan, baina supermerkatuan badaude, erosi egiten ditugu. Ez gaitezen engaina: elikagai merkerik ez dago. Baserritarrei baino askoz merkeago erosten dugunak pertsonen edo lurraren esplotazioa ezkutatzen du. Ez, baserritarrek ez diote elkarri konpetentziarik egiten. Kontua da elikagaiak lurrarekiko errespetuz, astiro, garaian eta ingurua zigortu gabe ekoiztea ez datorrela logika kapitalistarekin bat. Merkatua da gure konpetentzia, eta gu gara hark paretik kendu nahiko lukeena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.