Onintza Enbeita.
BIRA

Xantaia

2020ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Umeei muxuak osteko edozer egiten dugu helduok. Beti kritikatu dut joera hori. Umeek muxuak ukatzen dizkidatenean astuna ez izaten saiatzen naiz. Eta besteei ere egin egiten diet kritika horrelakorik egiten badute. Kontua da, besteentzat aholkuak izan arren, neuk batzuetan huts egiten dudala. Nahi gabe egiten dudala pentsatzen dut, baina umeei muxuak lapurtzen dizkiet. «Nik ez dut nahi zuk nire opilak jaterik», esan dit goizean ilobak. «Nik ere ez dut nahi zu nire laguna ez izaterik», erantzun diot. Eta zer egin du umeak? Bada, izugarrizko muxua eta besarkada eman, eta gero, opil gehiago ez hartzeko esan. Pentsatzen gelditu naiz, eta egia da ez dudala nahita egin, ez dudala muxua jasotzeko egin. Hala ere, nolako poza eman didan besarkada horrek. Baina pentsatu dut beti ari garela umeei lagun izatearen truke promesak egiten, muxuak emateko ahalegin etengabean, ezezagunak ditugunei ere matrailetatik tiraka...

Eta gero harritu egiten gara gure umeek ez dakitelako ezetz esaten, ez dituztelako erasoak identifikatzen, normala iruditzen zaielako muxuak ematea eta abar. Ez gara ohartzen, ordea, eskatu gabe besarkatzen ditugula, nahi ez dutenei muxu ematera derrigortzen ditugula edo grazia egitearen garrantzia azpimarratzen diegula. Umetatik. Horrela. Naturaltasun osoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.