andoni egana
HITZ ETZANAK

Badakigu

2020ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Akilino Izagirre Zepai bertsolari errezildarrak taberna jarri zuen Idiazabalen.Tabernako atean on parle français zioen txartela ipini omen zuen. Lagun batek, txartela ikusi eta harriturik galdetu omen zion: «Hi, Akilino, hemen nork egiten dik ba, frantsesez?». «Etortzen diren frantziar guztiek, dotore asko», erantzunzion Zepaik.

Kanpotarrekiko harremanean hizkuntzek ere jokatzen dute. Atzo, Madrilen, Fitur nazioarteko turismo azokaren baitan berrikuntza bat. Urola Kostako Mankomunitateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Uemarekin elkarlanean, Ongi etorri euskararen herrira ekimena aurkeztu zuten. Turista asko eta euskaldun dexente biltzen dituzten eskualdeak badira. Erakusteko daukaguna ez da derrigor «tx» bat duenera mugatzen: pintxoak, txotxa, Gaztelugatxe, itxas kirolak... Euskara ere hor daukagu gure harremanen ardatz. Ohituagoak gaude eskaeren arloan kokatzera, baina eskaintzarenean ere koka daiteke gure hizkuntza. Ezagutu gaitzatela, benetan, kanpotik datozenek. Eta irmotu gaitezela gu geurean, kanpotarrekiko igurtzia igurtzi.

Euskaraz badakigu-ren txartel baten aurrean turistaren batek galdetuko balu hemen nork egiten duen euskaraz, «urtean zehar etortzen diren gehienek, dotore asko» litzateke erantzun polita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.