Diego Pallés Lapuente.
EGUZKI EPELEAN

Kontrolik gabe

2020ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
«Azken hilabeteetan sentitzen nuen inguruko gauzen gaineko kontrola galtzen ari nintzela. Edozer gerta zitekeela edozein momentutan eta ezer ez zegoela nire esku». Horrela deskribatu zidan lagunak bere sentsazioa baserrira oporretan joateko erabakia hartu aurretik. Ezer larririk ez zitzaion gertatu denboraldi horretan, baina pandemiak aurretiko kezkak eta ezintasunak areagotu zizkion eta ziurgabetasun sentsazio hori itolarri bihurtzen ari zitzaion. Gertukoekin solasgaia topatzea ere tentsio-iturri bilakatzen hasia zen.

Neuk ere sentitu dut azkenaldian horrelako etengabeko estres bare eta lausoa, shock egoera luze batean murgilduta bizitzearen ondorioz. Irakurri berri dudan Jason Lutes egilearen Berlin komikiak antzeko sentipena iradoki dit. Istorioaren amaiera aldera, protagonistetako batek gero eta argiago ikusten du bere intelektual-taldearen ahalegin politiko guztiak alferrikakoak izaten ari direla nazien arrakasta eta gizarte-basakeria ekiditeko. Zer gehiago egin jakin ez eta etsipenak hartua etxean gotortu egiten da, lagun eta engaiamendu guztiak baztertuz.

Normalean, horrelako istorioetan amaiera itxaropentsu edota irekia topatu ohi dugu. Berlin, ordea, errealitate gorrian oinarrituta dago. Pertsonaia haren bukaera argitu ordez, azken orrialdean (achtung, spoiler) gerra osteko Berlingo hondar irudi panoramikoa baino ez digu erakusten egileak. Horrekin, inola baino argiago ikus daiteke gertakarien inertzia indartsuegia zela talde xume baten gaitasun eta asmo on guztien aurrean. Imajinatu nahi dut pertsonaia hark, Bertolt Brecht idazlearen antzera, nire lagunaren antzera, Alemaniatik ihes egin zuela baserrira, indarrak biltzeko abagune oparoago baten esperoan.

Beste batzuek, ordea, ez dute ihes ederra urrunetik kontenplatzeko aukerarik ere. Gorka (izen asmatua) etxegabea da eta berak ere ez zuen ezbehar berririk pairatu pandemiaren aurkako neurrien ondorioz, baina horiek nabarmen areagotu zioten bere estualdi-egoera. Justu pandemia hasi aurretik aterpea topatu zuen espekulazio-proiektu batek hustutako etxebizitza zahar batzuetan, baina poliziak laster ura moztu eta eraikina setiatu zuen. Bat-batean, iturrietara ur bila joateko beharrak kale gorrian edota Poliziaren esku geratzeko arriskua zekarren.

Arazoei konponbide humanoak topatu nahian kontuan eduki beharko genuke geure bizitzen kontrola kentzearekin batera gizatasuna bera ere gal dezakegula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.