Diego Pallés Lapuente.
EGUZKI EPELEAN

Nola sortu ume euskarafoboak

2020ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Demagun Gasteizko eskola publiko batean gaudela. Lehen hezkuntzako irakasle batek euskarak Araban izan duen hedaduraren bilakaeraren mapa batzuk erakutsiko dizkie umeei. Euskararen eremua mapetan apurka-apurka txikiagotzen ikuste hutsarekin hizkuntza-supremazismoaren kalteez jabetzen hasiko direla espero du hezitzaileak, ea ikasle gazteek ikusiko duten desagerrarazte horren atzean zenbat min egon den eta zer-nolako lan nekeza egin den hori konpontzeko ahaleginetan. Umeek, baina, bestelako gauza pentsatuko dute agian: «Aizu, hain gertu egon gara euskaraz ikasteko beharrik ez izatetik... eta zapuztu egin da kontua!».

Umeek, beharbada, ez dute ulertuko nori egin ote diezaiokeen mesede desagertze natural hori iraultzeko esfortzuak —argi asko daukate, ordea, nork jasotzen dituen ahalegin horien kalteak: eurek—. Azken finean, euskara ez da geletatik kanpo existitzen osasun zentroko karteltxo elebidunetan izan ezik. Ez ikus-entzunezkoetan, ez giza harremanetan. Oso noizbehinka kaleko gurasoren bati ere aditu dakioke bere alabarekin solasean, baina irakaslea izango da, ziur aski.

Nerabezaroan, errebeldia gehitu beharko zaio ulertu ezinari: «Honek ez du ezertarako balio bizitzan, zertarako ari ote garen denbora galtzen honekin». Euskara irakasgaia besterik ez izatearen ondorioa baino ez da hori. Matematikari buruz ere horrelakoak esaten dira, ez da harritzekoa. Gisako diskurtsoak sortu eta partekatuko dituzte, heldu euskarafoboen laguntzarik gabe, pixkanaka.

Zorionak! Hasierako ume horiek 18 urte dituzte orain eta ez dute inoiz adinkide batekin ere euskarazko hitzik trukatu. Ezta irakasle edo jagole ez den inorekin ere, bide batez. Zorte ona izan hezkuntza-sistemak ustez euskaldundutako pertsona horiekin gizarte elebidun batean, ez dakite-eta zer den hori, ezagutu ere egin ez dutelako. Ez dakite euskararen normalizazioaren kontua ez dela euskararen mesedetan egiten —euskarari ez baitzaio axola normalizatzea edo desagertzea—, baizik eta euskaldunen mesedetan egiten dela.

Euskara hizkuntza gutxitua izatearen kausak, ondorioak eta tokian tokiko berezitasunak kontuan hartzen dituen heziketa-estrategia espezializaturik gabe, ingurune supremazistak berak ume euskarafoboak sortzen jarraituko du.

Zorionez, heziketa ez da gaztaroan burutzen den prozesua, ondo dakigun bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.