Diego Pallés Lapuente.
EGUZKI EPELEAN

Saihesteko moduko izurria

2020ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Isolamendua nork bere burua babesteko taktika aproposa izan daiteke zenbait ingurunetan, beste aukerarik ez dagoenean. Neuk, adibidez, tratu txarrak jaso nituen nerabezaroa amaitu arte aitaren etxea bisitatzen nuen aldiro, bere emaztearen aldetik, gehienbat. Etxe horretan, oso deseroso eta zaurgarri sentitzen nintzen une oro eta, hala, urteen joan-etorrian, nire gelan gordetzeko joera garatu nuen instintiboki. Labur esanda, nahiago nuen logelan egon interakziorik gabe eta ez beste edozein gelatan, non zerbait mingarria gerta zekidakeen noiznahi.

Garai hartan, fisikoki zein mentalki isolatzea izan zen egoera horri laguntzarik gabe aurre egiteko topatu nuen irtenbide bakarra, eta, kontua arindu egin bazen ere, ez zen epe luzean ona izan. Luzaroko bizipen traumatikoek oso arrasto handia uzten dute, eta zaila da ohiturak iraultzea bestelako erreakziorik garatzeko. Nahiz eta gaur egun mehatxu jakinik ez egon, nahiz eta egoerak kudeatzeko beste irtenbideak eduki, edozein antsietate-egoera luzek pizten dit ingurunetik isolatzeko sena, oharkabean.

Horrexegatik, konfinamenduaren berri izan nuenean, pozez zoratu nintzen. Etxetik lan egiteko boladatxo bat? Eguneroko antsietateei iskin egiteko oporraldi laburtxo bat? Bai horixe! Planetako hankabiko guztiek bezala, baina, neure buru-osasuna okertzen ikusi nuen laster batean. Beldurrak biderkatu egin zitzaizkidan, eta antsietatea Auñamendiko tontorra baino altuago neukan. Ez baita gauza bera nork bere buruarekin egoteko astia hartzea edo kontrolpean ez dagoen egoeraren batean setiatuta sentitzea.

Neuretzat iraganean bezala, gizartearentzat ere konfinamenduak kalte handiak ekiditeko irtenbide bakarra dirudi beste aukerarik ez dagoenean. Baina ezin da ukatu epe ertainean oso neurri arriskutsua dela. Bizitzako konfinamendurik luzeenak erakutsi dit zein oharkabean neukan errotuta ohitura kaltegarri bat eta zein beharrezkoa dugun komunitatea. Ez dut esan nahi une oro adiskideez inguratuta egon behar dugunik erromeria amaigabe batean, baina ezin da gutxietsi arazoak partekatzeko eta haiei elkarrekin aurre egiteko beharra.

Ez naiz soilik pandemiaz ari, edota gazteez abusatzeaz. Prekaritatea, bazterkeria, lan-ingurune atomizatuak eta zenbait telelan mota, besteak beste, isolamendu mota askoren hedatzaileak ditugu. Norbanako zein taldeko krisi garai honetan, erresilientzia hitza ez dadila bakardadearen sinonimo bilakatu.

Eta argi utz diezaiogula hurkoari laguntzeko prest gaudela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.