andoni egana
HITZ ETZANAK

Su kolorea

2020ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Euskaraz nola esan bila nenbilen. Piropoa. Besteren arloan baimenik gabe sartzea iruditu izan zait beti; metro eta erdiko distantzia ez errespetatzea; onenera ere miresmenaren mozorroz, gainetik jarri nahia. Manifestazio feminista batean Nire gorputzak ez du zure iritziaren premiarik txartel elegantea irakurri nuenetik ez nuen zalantza arrastorik izan.

Euskarazko ordainaren bila gaztelerazko hitzaren jatorrira jo nuen. Grezieratik dator nonbait, eta adierarik onartuenean, pyropus horrek su kolorearekin du zerikusia, gorrimina baita rubi bitxiaren margoa, eta rubi bitxia oparitzen baitzion ohituraz galaiak maiteari. Galaia pobrea zenean, hitz politak oparitzearekin konformatu behar izaten omen zuen…

Bigarren teoriaren arabera, pyropus horrek aurpegian sua esan nahi du, eta ez da argi geratzen piropeatzailearen grinarekin duen zerikusia edo piropoa jasan duenaren auzolotsagorritzearekin.

Bada hirugarren uste bat ere. Begiradaz sua igortzea esan nahi bide du piropoak. Eta orduan jabetu naiz guk ez dugula piropoen beharrik. Igualtsu dela hitz malapartatua gure hiztegian ez badago ere. Maialen Lujanbioren bitxi bati esker ikasi genuen garrantzitsua begirada kopurua dela, bi, sua sortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.