Onintza Enbeita.
BIRA

Marrak

2021eko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Askotan ikusi dut neure burua marra gorriak zehazten. Bizitzan ikasitakoak jarri nahi izaten ditut praktikan nire bizitzara norbait berria datorrenero, edo lehendik egon direnekin haserretzen naizenero. «Ez dut berriro lehengo akatsa errepikatuko», «nik ez dizut halakorik onartuko», «ez naiz hain inuzentea», «honaino»… eta halakoak esaten ditut, eta entzuten dudanez, neuri ere esaten dizkidate. Kontua da marra gorriek ez dutela galga lanik egiten eta askotan egiten dugula, nik bai behintzat, leku berean laprast. Edo betiko akatsak kontrolatu beharraren kontrolatu beharraz, askoz ere errazagoak ziren gauzetan huts egiten dugu.

Beraz, honezkero, marra gorriak ere ezin ditut zuzen margotu. Markatzen dudan muga orok dauka bihurguneren bat. Ardatza ez galtzean omen dago gakoa, norbere bidetik ez ateratzean. Orduan, bihurguneei begira jartzen naiz eta malgutu ditudan bideek ez nautela leku txarrean utzi pentsatzen dut. Baina, badaezpada, ihesbide bat daukat beti marra gorrien ondoan marraztuta. Zorrotzegitik eta malguegitik ihes egin nahiko banu, irteera hor dagoela jakiteko. Jartzen dizkiogun baldintza eta marra guztiak jartzen dizkiogula ere, ez dagoelako betiko iraungo duen egoerarik, ez pertsonarik, ez marra gorririk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.