andoni egana
HITZ ETZANAK

Hesiak

2021eko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Beste batzuk ere zu bezala ibili direla jakiteak beti sortzen dizu halako sosegu bat. Ez dugu alferrik «atsegabean lagun!» esaten. Nik ere, Juan Luis Zabalak bezala, munduko ziklo-kros txapelketako lasterketak ikusi nahi nituen. Horixe nuen astebururako gutizia bakarra, eta ezin izan nuen bete.

Haurtzarora narama ziklo-krosak. Basualdo nuen maite, herriko lasterketan ikusita. Hark sorturiko lokatz-zipristinak norbere larru-azalera iristen ziren; haren arnasketa besteena baino ozenagoa zen; besteenak baino muki-kandela lodiagoak ziren harenak... Umea zertzelada horiekin geratzen da. Gerora jakin nuen lehenagoko Erik de Vlaemincken berri. Flandiarra hainbat aldiz izan zen munduko txapeldun. Bizitza eleberri bihurtu zuen. Anaia «txarra» zen bere onean; anfetekiko menpekotasun handia zuen; psikiatrikoetan sartu zuten maiz; semea hiltzen ikusi zuen lasterketa batean zuzenean; alzheimerrak jota hil zen bera, zahar etxe batean. Baina batik bat, kartzelatik sartu-irtenean ibili zen. Eta leiendak dio, Londresko munduko txapelketarako kartzelan entrenatu zela. Irten eta hilabetera irabazi egin zuen. Inork baino hobeto gainditzen omen zituen hesiak…

Beste itxialdiren bat baletor, etxean kirola egin nahi duenak badu eredua: Erik de Vlaeminck.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.