andoni egana
HITZ ETZANAK

Almazena

2021eko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Begiak, hainbestean; mihia, herdoildua; belarriak, etsiak.Urtebete joan da,eta galeren zerrenda, bakoitzak egingo du berea. Almazena aipatzen zuten lehengo bertsolariek. Hustu behar duenak bete beharra dauka nonbaitetik. Eta azken urte honetan, itxialdi eta mugimendu murrizketak jasan arren, begietatik osatzen dugun almazenaren zatia hainbestean bete ahal izan dudala esango nuke. Irakurtzeko denbora. Pantaila ugari eta pantaila bakoitzean aukera asko. Mihia aldiz, aizkoraren ahoaren kontrakoa da hain juxtu. Aizkoraren ahoa kamustu egiten da sarri erabiliz gero, eta gurea, zorroztu. Gutxiago, gutxiagotan eta gutxiagorekin hitz egin dugu. Mihia, nirea behintzat, herdoildu egin da. Eta belarriek etsi egin dute. Beti gai bera; beti ahots bertsuak; beti ikuspegi jakinekoak…

Almazena usterik gutxienean betetzen da gehien. Ai, lagunarteko otordu osteetako txolarteetan asko ikasten genuen garai hura! Hala ikasi genuen guk, nahi gabe edo, gaztelerazko marcha atrás euskaraz nola esaten zen. Galdera bota genion, zirikatzaile: «Joxe, zuek ezkondu aurretik egiten al zenuten txortan?». Baietz erantzun zigun. Etxera bidean. Kanposantuko paretaren kontra. Baina andregaiak beti esaten ziola: «Joxe, zakarrak kanpora eh! Zakarrak kanpora!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.