Diego Pallés Lapuente.
EGUZKI EPELEAN

Gasteiz eta Beethovenen oparia

2021eko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Aspalditik jakin dut Ludwig Van zaharrak Gasteizko Guduari buruzko lan labur bat konposatu zuela, baina ez zait inoiz entzuteko gutxieneko interesik ere piztu. Beti pentsatu dut, ziur gainera, entzuleak tarte luzeagoa eskaintzen duela 15 minutuko pieza osoa entzuten, Beethovenek Gasteizi buruz dokumentatzeko hartu zuen denbora baino. Beraz, zein lotura izan lezake musika horrek hiriarekin? Ai, ezjakinaren atrebentzia.

1813ko gerraostean, Beethoven ekonomikoki ahul zegoen eta diru erraza eskuratzeko aukera ikusi zuen ekoizpen horren bidez. Ahal bezain laster idatzi, sosak bildu, eta etxera, kalitateaz askorik arduratu gabe. Ospe ona eraikitzeko, bestelako lanak zeuzkan eta. Sosak bildu ere egin zituen: publikoa zoratu egin zen orkestrazioaren potentziarekin, kanoi-hotsak barne. «Entzulea konpositorea bezain gor uzteko moduko emankizuna», adituen hitzetan.

Wellingtonen garaipena «pairaezina» gisako adjektiboekin deskribatu dute egungo kritikariek. Pasadizo apokrifo baten arabera, Wellingtongo dukeari berari galdetu zioten ea musika hura entzuteak batailan egotearekin antzik bazuen, eta hark erantzun: «Ene, ez. Halakoa izan balitz ziztu bizian ihes egingo nukeen». Axolagabe, Bonneko konpositoreak kritikei Urepeleko artzainak esan ez zituenekin erantzun zien: «Nik bota dezakedan mokordo bat zuek asma dezakezuen ezer baino hobea da!».

Hitz gutxitan, Beethovenek Andre Maria Zuriko monumentuaren baliokide musikala asmatu zuen. Eta zer eman diogu gasteiztarrok ordainetan? Metro eskaseko kale ziztrin bat besterik ez —barka, bizilagunok—. Adriano VI.ak askoz kale ikusgarriagoa dauka eta gure alde egin zuen bakarra Gasteizen egun batzuk ematea izan zen, Espainiako armadari nafarrak txikitzeko aginduak ematen zizkien bitartean. Ken Follettek ez du hiriari buruz hitz bat ere idatzi eta estatua bat dauka. Estatua bat. Serio, munduan zenbatek esan dezakete beren estatuaren ondoan argazki bat atera dutela, haren posea imitatzen? Beharbada, gure agintariek memeengatik egin zuten.

Baina, itxaron, Napoleonek ere oroigarri publiko bat dauka —bere meritua: behin Gasteizen hotel-gau bakarra ordaintzea—. Bi bandoen kontura dirua egin nahi izatea, a zer saldukeria.

Turistak etor daitezen engainatzeko hain merke saltzen den espazio publikoan, ez al diogu oroigarririk eskainiko gure monumentuen kalitate lotsagarria horren moduko zehaztasunez islatu zuen gizonari? Nola egin omenaldi hoberik Beethovenen pieza kaskar hari, sos errazak lortzea helburu bakarra duen monumentu eskas batekin baino? Gasteizko agintariak: zeren zain zaudete?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.