Onintza Enbeita.
BIRA

Bidea

2021eko irailaren 22a
00:00
Entzun
Lankide batek kontatu digu nola idatzi dion Euskal Herrian ezagutu zuen nikaraguar batek. Ameriketako Estatu Batuetako mugara iristea lortu omen du, eta ordu gutxi barru bere burua entregatzekotan dago. Gero, poliziak erabakiko du zer gertatuko den harekin: edo AEBetara joateko aukera izango du bere senarrarengana, edo Nikaraguara joan beharko du berriro.

Bizitza bide bat dela esaten dugu askotan, baina zein desberdinak diren batzuen eta besteen bideak. Zein bide erraza daukagun gutako askok goizero lanera joateko, eta zenbat erasori aurre egin behar dien beste askok etxera ura ekarri ahal izateko.

Ez dut pentsatu ere egin nahi zer den Nikaraguan hasi eta Mexiko eta Texas bereizten dituen marraraino oinez, autobusez eta ahal den moduan iristea. Izugarria izan behar du Ekuatore Gineatik Ceutarainoko bideak nora zoazen argi ez daukazunean. Are izugarriagoa izango da oraindik iritsi zarelako pozik egon beharra. Izan ere, badakizu beste batzuek ez dutela iristeko zorterik izan, baina zu zeu ere bortxatu egin zaituzte, bizitza galtzeko arriskuan egon zara, erabili egin zaituzte, saldu, bakarrik utzi... eta hala ere, pozik egon behar duzu poliziak bizkar gainean manta bat botatzen dizunean.

Zenbat bide eteten diren munduan guk bide erosoak ibil ditzagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.