EBtik irtetearen aldeko ahotsek oposizioaren kezka eragin dute Polonian

Gaur egun nahikoa da gehiengo soil bat Polonia batasunetik ateratzeko. Donald Tusk lehen ministro ohiak iragarri du konstituzioa aldatzeko eskatuko duela astelehenean

Plataforma Zibikoa alderdiko buru Donald Tusk, artxiboko irudi batean. EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Poloniaren eta EB Europako Batasunaren arteko gatazka okerrera doa, eta, horrekin batera, indartuz doa Varsoviak Londresen bide berari jarraituko ote dion kezka. Agintean den PiS Legea eta Justizia alderdiko buru Jaroslaw Kaczynskik ukatu egin du gobernuak horretarako asmoa duela, baina, aldi berean, ohartarazi du Poloniak «herrialde subirano» izaten jarraitu nahi duela. Oposizioak, ordea, ez du konfiantzarik gobernuan, eta oposizioko buru Donald Tuskek esan du «edozein unetan» egin dezakeela PiSek urratsa. Izan ere, gaur egun indarrean den legediaren arabera, nahikoa litzateke parlamentuaren gehiengo sinple baten babesa Polonia EBtik irten ahal izateko.

Tuskek ate hori itxi nahi du, eta, asmo horrekin, konstituzioa erreformatzeko proposamen bat aurkeztekoa da etzi Poloniako Parlamentuan, beharrezko sinadurak bildu eta gero. «Gauren batean PiS alderdiak erabaki hori hartzeak eta ezustean EBtik kanpo gaudela jakiteak kezkatzen nau gehien», azaldu zuen Tuskek. Aldi berean, baina, kexu agertu zen EBko buruzagiek agertutako jarrerarekin. Bruselak estu hartu du Varsovia, sistema judizialaren gaineko tirabiran. Europako Justizia Auzitegiak Poloniako Gobernuari agindu zion bertan behera uzteko Poloniako Auzitegi Goreneko epaileen inguruko erabakiak hartzea ahalbidetzen dion areto bat, sistema judizialaren erreformaren barruan eratutakoa.

Presioa hainbestekoa zen, azkenean abuztu erdian Varsoviak amore eman baitzuen, eta areto hori desegingo zuela iragarri. Gobernuak, baina, eutsi egin zion justizia sisteman erreformak egiteko asmoari. Hain zuzen ere, Poloniako Auzitegi Konstituzionalak beste behin atzeratu du aste honetan Bruselarekin duten tirabira judizialaren gaineko erabakia. Finean, ebatzi behar dute EBko legedia ote dagoen Poloniakoaren gainetik, edo alderantziz. Joan den uztailean Konstituzionaleko epaileetatik hainbatek zabaldu zuten ika-mika bat izanez gero Varsoviarena beharko lukeela azken hitzak, baina geroztik behin baino gehiagotan atzeratu dute erabakia.

Meategiak ere oztopo

Auzitegiena ez da, hala ere, azken asteetan Bruselarekin izan duten talka bakarra. Joan den asteazkenean Europako Justizia Auzitegiak eguneko milioi erdi euroko isuna ordaintzera zigortu zuen Varsovia, Txekiako mugatik gertu duen lignito meategi batengatik. Salaketa Txekiako Gobernuak jarri zuen joan den maiatzean, argudiatuta «kutsadura handia» eragiten duela. Ordu hartan, Pragak egunean bost milioi euro ordaintzeko eskaria aurkeztu zuen.

Isuna Pragak eskatutakoa baino txikiagoa den arren, kolpe gogorra izan da Varsoviarentzat, hura ordaintzen jarraitu beharko baitu meategia zabalik dagoen bitartean. Poloniako Gobernuko eledun Piotr Mullerrek gogor kritikatu zuen erabakia, eta ohartarazi zuen meategia ixteak kolokan jarriko zuela herrialdeko argindar sistema.

Baina Poloniak etsai handi bat du Txekiarekiko auzian. Izan ere, Alemania Pragaren alde agertu da, eta salatu du meategia handitzeko lanek zarata nabarmen handitu dutela. Varsoviak erantzun du, halaber, esanez Alemanian eta Txekian ere badirela halako meategiak euren mugetatik gertu, eta 1904. urtetik zabalik den Turowko meategia ixteak 4.000 lanpostu baino gehiago galtzea ekarriko lukeela. Varsoviak iragarri zuen 2049rako itxiko duela bere azken meategia, baina klima larrialdiarekiko nazioarteko agintarien politika aldaketek eta batez ere EBk hartutako konpromisoek harekiko presioa handitu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.