Onintza Enbeita.
BIRA

Opariak

2022ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Atzo berriro izan zen errekonturako eguna: urte bat gehiago bizita, bat gutxiago bizitzeko. Badakit zorte eta pribilegio handia dela osasunez, diruz, sexuz, bidaiaz, janariz, edariz, lagunez, lanez ondo iristea 43 urtetara. Bizitzeko asko gelditzen zaidan arren, ezin dut burutik kendu inork ez dakigula noiz izango den gure azken afaria edo noiz egingo dugun gure azken guda dantza. Bizirik egotea bera opari bat denaren sentsazioarekin iritsi naiz honaino, eta ez dut esateagatik esaten. Nire zirkuluan hutsune handiak daude, eta zulo beltz horiek irakatsi didate gaur bazaudela eta bihar ez. Horregatik iruditzen zait absurdoa munarriak milimetroka mugitzen ibiltzea edo besteak epaitzen denbora galtzea edo inoiz gastatu ezin izango duzun adina diru aurreztea edo armairuak behin eta berriro betetzea sekula hustu gabe. Hemen utziko dugu dena. Horregatik eskertzen diet maite ditudanei nire ondoan eman duten minutu bakoitza.

Ez dago ezer galkorragorik eta aldi berean errepikaezinagorik denbora baino: horregatik da ederra norbaitek bere denbora eman diezazula. Hitz egiteko, musu emateko, bermuta edateko, gildak jateko, larrutan egiteko, arrautza frijitu batean ogia bustitzeko, maitatzeko, eskutik heldu eta pasiatzeko denbora. Hori daukat hartzeko eta emateko. Ez edonori, jakina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.