andoni egana
HITZ ETZANAK

Izendatu

2022ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Ezagutu nuen emakume edadetu bat, «amona» deitzen ziotenero asaldatzen zena. «Zaharra bai, baina amona ez!», erantzuten zuen. Ama bazen, baina bere seme-alabek ez zuten ondorengorik izan. Ez dakit, ez nuen inoiz jakin, minetik emandako erantzuna izaten zen, artean burua argi zeukala erakutsi nahia, edota hitzen erabilera zehatza zuen maite.

Hitzek ere ez dute, ordea, guztiontzat eta beti, gauza bera esan nahi izaten. Herenegun, zaharren egoitza baten bila nenbilela, norabidea adierazten zuen kale-seinale batekin egin nuen topo: Agureen Etxea. Atentzioa eman zidan. Genero kontuarengatik batik bat, etxe hartan gizonezko eta emakumezko bizi baitira. Eta agure hitzarengatik ere bai. Zenbaiti aitona xahar goxoa iradokiko dio agure hitzak; beste zenbaitentzat zentzu gutxiesle nabarmena izango du. Baina hain azal finekoak garen garaiotan kale-seinale hura zabar-antxa jo zuen bakarra ni ez nintekeela izan pentsatu nuen.

Hizkuntzak mila zoko-moko ditu, ordea. Irakurri izan dut, gurasoak hitza agure-atsoak-etik ote datorren. Hala balitz, mirari txiki batekin egingo genuke topo. Bi hitz makurrek, elkartu, eta denik eta hitzik jasoena emango lukete. Bertakoak aita edo ama izan ala ez, Gurasoen Etxea ez litzateke izen itsusia...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.