Onintza Enbeita.
BIRA

Baserritarrak

2022ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Norbaitek mundu ikuskera laburra duela esan nahi denean, jendeak baserritarrekin egiten ditu alderaketak. Amorrua ematen dit. Ez dakit zenbateraino garen kontziente baserria bera munduan leku gutxitan ikusten den moduko ingeniaritza lana dela. Etxe bihurtutako lantokia da baserria, edo lantoki bihurtutako etxea: txoko bakar bat sobera ez duena. Euskal Herritik kanpo ikasitako egiturak bertakotu zituzten duela bost mende baserriak eraikitzeko, eta horrek, handinahikeriatik zerbait izango duen arren, oso gutxi du mundu ikuskera laburretik. Oraintsuago ere baserritik dei egin digute munduaren paradigmak aldatzeko beharraz. Baserritarrak beraiek izan dira lurra lantzeko moduak lehenagokotzeko beharraz hitz egin dutenak, monetizatu ezin daitezkeen lurraren zainketa lanak aldarrikatu dituztenak, elikagaiak merkantilizatzearen aurrean altxatu direnak, hemengo eta munduko esperientziak elkartu dituztenak...

Bakoitzak egingo ditu nahi dituen konparazioak, baina gure gurasoei, zapaltzeko, esaten zieten aldeanoak zirela, eta belaunaldi oso bat bizi izan da konplexuz beteta unibertsitatera joan ez delako, edo gaztelania ondo menperatu ez duelako, edo eskuetan babak izan dituelako, edo jaio den lekuan jaio delako. Ez genuke akats horretan berriro erori behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.