HITZ ETZANAK

Hirurogeita lau

andoni egana
2022ko uztailaren 12a
00:00
Entzun

Mundua adi-adi jarri zen bi xakelari haiei begira. Atzo mende erdia bete zen, Islandian, Reikiaviken, Bobby Fischer eta Boris Spaskiren arteko partida hasi zela. Sobietarra zen munduko txapeldun, eta titulua bereganatu nahi zuen estatubatuarrak. Xakearen eremua aisa gainditu zuen tupustaldia izan zen, Gerra hotzaren pasarte gorenetakoa. Hedabideek ordura arte ez bezalako jarraipena eskaini zioten partida hari, eta esango nuke inor gutxi zela neutrala, guztiok geundela bataren edo bestearen alde. Spaskik ekin zion hobeto txapelketari, lehen partidak irabaziz. Baina Fischerrek —gutiziatsu, izar, ikoniko— buelta ematea lortu zuen eta bera izan zen garaile. Nik, hamaika urte egitera, disgustutxoa hartu nuela gogoan daukat…

Edozein hemerotekatan bil daitezkeen datuak baino ez dira horiek. Gerora gertatu zen zerbaitek eman dit atentzioa. Bobby Fischer moldagaitzak bere heriotza ere jokaldi goren bihurtu zuela pentsa daiteke. Islandian hil zen —non bestela!— 64 urte zituela. Hirurogeita lau. Xake-taulak koadro adina. Hiltzeko modu poetikoagorik!

Bertsolariok hamarreko handian hiltzen asmatu behar genukeela otu zait. Zortziko txikia, 52 silaba, laburregi litzateke; zortziko handia, 72, eskas aukera-aukeran; Habanera, 128, luzeegi…

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.