andoni egana
HITZ ETZANAK

Opari lapur

2022ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Poz grabatua eta hedatua ez da aski. Pozak ez du, nonbait, ibilbide luzerik. Berandu ibiliko naiz, baina nik aurten ikusi ditut estreinakoz Grinch delakoa etxera azaltzen zaienean Ameriketako haurrek izaten dituzten erreakzioak. Aita Noelek ekarritako opariak lapurtzera sartzen den pertsonaia berde koloreko maltzurra da Grinch-a. Ezkutuka ekarria bistan eraman nahi izaten du. Eta haurrek euren erara erantzuten diote. Negarrez batzuk; opariak eskuetatik askatu nahi ez, eta tiraka hasten dira besteak; arrotzari erabat oldartu eta ostikoka ekiten dion umerik ere izaten da... Heldu bat mozorropean eta beste bat irudiak grabatuz. Ezer ez, eta festa.

Grinch-a, berez, ez da atzo goizekoa. Ni baino lau urte zaharragoko iratxo bat da, Seuss doktoreak ipuin baterako asmatu zuena. Eguberriak lapurtu nahi zituen galtzagorri moduko bat zen...

Orain, usadio bihurtu da Grinch-ak edozein etxetara bisita egite hori. Eta Ameriketa zer den aintzat hartuz, egunen batean okerrena gerta daitekeela otu zait. Haurrak ez daki Aita Noel nor den baina badaki gurasoek ze kaxoitan ezkutatua daukaten arma bat. Etorriko da Grinch-a, eta umeak arma armairutik atera eta tiro egingo dio. Eszena zuzenean grabatuko dute, noski. Hedatuko da, eta milioika ikustaldi izango ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.