andoni egana
HITZ ETZANAK

Hotsak

2023ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Eguberrietako kale-argiztapenak beti ematen du zeresana. Gehitxo ote den, oso aldez aurretik hasten direla, gastua handia dela krisi garaiotarako... Nork ordaindu behar lituzkeen ere mintzagai izaten da. Udalek hainbeste, komertzioek beste hainbeste... Maialen Lujanbiok eman zuen pista bat azken txapelketako finalean: festa erlijiosoa denez, Elizak ordaindu behar luke argiztapena. Baina Elizak kandela-egun ditu hauek, eta ez gara orain hatza zaurietan sartzen hasiko...

Gainera, argitan bakarrik ez. Hotsetan ere —zarata esan behar genuke?— joaten dira sosak. Urtea jiratze unean, ez da binbi-banba eta tirripi-tarrapa besterik entzuten. Urtetik urtera gehiago. Eta kasu honetan, gehienetan behintzat, herritar bakoitzak norbere sakelatik ordaintzen du lehergaia. Ez dut inoiz hotsak sortzen dituenaren arrazoia harrapatzeko adina argi izan. Poza barruan lehertzeko beldurrez jaurtitzen dira itxaferoak airera? Denek jakin dezaten urtea hasi berri dela? Nabarmentzeko? Gutxiago ez izateko? Herritarroi ekarpen bat egiten digute, eta ni naiz konturatzen ez den bakarretakoa?

Oinarri-oinarrian erlijioa duten jai hauetan, betiko esaerari aldaera bat erantsi behar genioke: «Ni ez naiz nor zure etxean sartzeko, baina emadazu hots bat, eta sartuko naiz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.