Nerabezaroan kantatzen genuen kantu bat gogoratu nuen atzo.Ez dakit seguru zergatik, bainalanean ari nintzela buru barruan «lodia!» haren oihartzuna entzun nuen bere akorde rockero eta guzti. Gu nerabeak ginenean inork ez zuen lodifobiaz hitz egiten, baina oso argi geneukan nortzuk ginen lodiak eta nortzuk ziren politak. Sare sozialik ez zegoen orduan, baina algoritmo soziala argia zen: politek egin zitzaketen gauzen zerrenda bat zegoen, eta lodiontzat beste bat. Ez zegoen idatzita, baina arau sozialek ez dute zigilurik behar. Atzo gogoratu nuen kantua, ustez maitasunezkoa zen: «Telebistaren aurrean zaudenean, atzamarra sudurrean sartuta duzula, pentsatzen hasten naiz zer egin ote dudan gaizki». Hori zen guretzat idatzitako mezurik onena. Besteak, Cervantesek idatzi zuen bezala, ez ditut gogoratu ere egin nahi.
Duela 30 urte inork ez zuen lodifobiaz hitz egiten, baina egon bazegoen. Asko gara gure burua sekula polita izan zitekeenik pentsatu ere egin ez dugunak, gimnasiako klaseetara joate hutsarekin batzuei grazia egin diegunak, oraindik ere zenbait lekutan bainujantzi hutsean jartzen ez garenak, existitze hutsagatik zerbait gaizki egin dugula pentsatu dugunak... Sare sozialen algoritmoa gaiztoa izango da, baina gizarteak askori inposatu diguna ez da hobea izan.

BIRA
Algoritmoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu