Onintza Enbeita
BIRA

Behiak

2023ko apirilaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Antzaren arrautzei buruz galdetu zidaten eta abereei buruz hizketan hasi ginen. Behiak izaten genituela guk lehen esan nien, baina kendu egin genituela. Barreka hasi zen bat, eta «kutsaduragatik?», galdetu zidan. Nik ere barre egin nuen, baina esan nien: «Errepide guztiak autoz lepo daude, zerura begiratzen dugunero hegazkina pasatzen da, eta behiena da errua!». Haientzat ere zaila zen ekuazioa askatzea. Ehunka behi pilatzeko diseinatutako etxalde erraldoiak saltzen dizkigute, eta, gero, onak ez direla esan. Nazkagarria da animaliak produktibitatearen katean nola sartzen dituzten, eta saldu nahi dutenaren arabera zein propaganda egiten duten beste animalien kontra. Atzera egingo bagenu eta kontsumo arduratsuagoan konprometituko bagina, ez genuke hainbeste behi alferrik hilko: gure zakarrontzietan ehunka kilo okela usteltzen dira. Gainera, ez genuke etxalde neurrigabekorik beharko, eta behiak ez lirateke arriskutsuak izango.

Tortolaraino naukate nekazaritza politikek eta haiek diseinatzen dituzten politikariek. Gaur hitz egiten digute kontsumo arduratsuaz eta bihar ez dakit zenbat negutegi hidroponiko jartzeko baimena ematen dute, eta gaur hitz egiten digute gure larreetako behiez eta hurrena esaten digute kutsatu egiten dutela. Beti marka handien mesedetan, beti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.