Onintza Enbeita.
BIRA

Giltzak

2023ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Duela 75 urte, 700.000 palestinarrek utzi behar izan zuten haien lurra. Nakba deitzen diote ia dena galdu zuten egun hari. Munduko hainbat lekutan barreiatuta bizi dira errefuxiatu palestinarrak, eta aire zabalean eraiki dieten kartzelan bertakoak. Israelgo Estatua azken urteetan Palestinan egiten ari dena ikusita, estatu hiltzailea da. Gero eta lur gutxiago daukate palestinarrek bizitzeko. Gero eta estuago bizi dira. Haiena da lurra, baina nazioarteko komunitateak negozio gehiago ditu israeldarrekin palestinarrekin baino. Nahi dugun lekura begiratu genezake, baina Israelgo estatuak ez dirudi bakerik izango duenik Palestina osoa txikitu eta bereganatu arte. Palestinatik datozen notizia guztiak dira Nakba txikiak: bonbardaketak, atxiloketak, kontrolak, tiroketak, ume hilak... Eta horrela urteak eta urteak.

Bitartean, errefuxiatu palestinarrek haien etxeetako giltzak gordetzen dituzte. Lurra erauzi zietenez, behinola izandako etxekogiltzak ematen dizkiete belaunaldi berriei. Honezkero haien etxerik ez da izango, baina giltzak dira behinola izandakoaren lekuko. Sinestezina da zenbat gauza kontatu dezakeen giltza sorta batek. Eta harrigarria bezain lotsagarria da gatazka konpontzeko giltza eskuan izanda gerrari atea nola zabaltzen dion nazioarteko komunitateak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.