Albistea entzun

BIRA

Hegazti gripea

Onintza Enbeita -

2023ko ekainak 10

Hegaztiek gripea daukate. Ehunka hilko omen dituzte. Berdin gertatzen da gaitza dutenak txerriak, behiak zein beste abere batzuk direnean. Jendea, oro har, janaria ekoizteko moduetatik urrun bizi da, eta komunikabideek beldurra baino ez dute zabaltzen. Hasteko, gobernu gehienek bultzatzen dituzten ekoizpen ereduak ez dira jasangarriak. Jarraitzeko, hogei bururentzako bazka bere kabuz sortzeko aukera duen nekazariari, berrehun jartzea gomendatzen dio administrazioak. Ondorioz, gutxiago balira libre biziko liratekeen abereak pabiloietan pilatuta bizi dira. Eta horrek, honezkero pentsatuko zenuten moduan, gaixotasunak hedatzea erraztu egiten du. Jakina, gaixotasunak ekiditeko botikak saltzen dituztenei, eta pentsua ekoizten dutenei, oso ondo datorkie janaria ekoizteko eredu hori.

Beste eredu bat bagenu, dena litzateke desberdina. Nekazariak bazka ekoizteko gaitasunaren araberako buru kopurua balu, ez lituzke animaliak leku txikian pilatuko, eta gaixotasunak, gizakiokin gertatzen den moduan, tarteka baino ez lirateke gertatuko. Dena egiten da hemen merkatuaren logikatik abiatuta. Nekazarien eta herritarren beharretatik abiatuko bagina, menpeko nekazari gutxiago eta kalitatezko janari gehiago izango genuke. Baina bistan da errazagoa dela betikoari eutsi eta jendea beldurtzea.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...