Onintza Enbeita.
BIRA

Diagnostikoa

2019ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Jaio baino lehen egiten digute lehenengo diagnostikoa. Ekografietan zakila ikusten zaiona mutil izendatzen dute, eta zakilik ageri ez duena neska. Eta horren arabera, guretzako etorkizuna margotzen hasten da oraindik ezagutzen ez dugun hainbat jende: gelaren kolorea, belarritakoak, izena, jostailuak, arropa... munduak oraindik gure taupadak entzuten ez dituenean ere, inguratuko gaituen mundu txiki hori, gure bizitza baldintzatzen hasten da. Jaiotzen garen momentuan heltzen da bigarren diagnostikoa, ustez behin betikoa: mutila da, neska da. Ez dago hirugarren aukerarik antza; eta erabaki horrek, guri galdetu gabe hartzen duten erabaki horrek, egingo gaitu gauza bat edo bestea. Eta lehenengo arnasan beste biderik ez dagoenez, genitaletara begiratzen digute diagnosi hori egiteko. Akaso, mekanismoren bat asmatu behar genuke medikuek lehen negarrarekin adierazi nahi dugun hori uler dezaten. Horrek diagnostiko zehatzagoa egiten lagunduko luke. Baina momentuz, munduak, hanka tartean dakargunaren arabera banatzen gaitu talde bitan. Bizitza ez da berdina talde batean edo bestean kokatu, baina batez ere, bizitza konplikatu egiten diegu talde bietako batean ere kokatzen ez direnei. Izateko milaka aukera badauden arren, buruan sartu digutelako aukera bi baino ez daudela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.