Onintza Enbeita.
BIRA

Indarkeria

2021eko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Badaude begiak askotan ixtea eragiten didaten telesailak. Gehiegizko indarkeriak tripak mugitzen dizkit. Badakit badagoela filmak lasai ikusten dituen jendea, edozer botatzen diotela ere. Izaera kontua izango da. Kontua da, gero eta naturalagoak direla zenbait indarkeria mota. Seme-alabak dituzten lagunekin edo irakaskuntzan ari direnekin hitz egiten dudanean,nerabeek maite dituzten bideo jokoez hitz egiten dugu askotan. Modan dauden jokoen funtzionamenduak larrituta dauzka guraso eta hezitzaile asko. Kasu batzuetan beharrezkoa da ingurukoak hiltzea aurrera egin ahal izateko. Horixe ei da jokoaren mekanismoa: hil eta aurrera. Beste kasu batzuetan sexu langileengana joaten dira jokalariak. Ez dakidana da behin halako areto birtualetan sartuta, zer egiteko aukerak dituzten jokalariek. Eta ez dira bideo jokoak indarkeria dosiak merke samar ematen dituzten aukera bakarrak.

Horrek ez du ezer esan nahi eta dena esan nahi du. Halako jokoak eta ikus-entzunezkoak beti egon dira. Orain, ordea, izurri garaian gaude eta nerabeei zein gazteei ia denerako aukerak kendu zaizkie. Ez dago adrenalina askatzeko aukera handirik. Gazteak etxean sartu daitezela diote arauek, eta ez dakit, pentsatu beharko genuke indarkeria kanalizatzeko alternatibaren bat eraikitzeaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.