Onintza Enbeita.
BIRA

Hildakoak

2022ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Modu askotara laburtu daiteke bizitza, eta horietako bat hilen pilaketa da. Jaiotzen garenean beti hor egongo direla pentsatzen dugun jendea egoten da gure zain. Urteekin gero eta gutxiago izaten dira, eta, jende berria ezagutzen dugun arren, hutsuneak nagusitzen dira. Gainera, umetan esaten digutenaren kontra, ez dago jende hori desagertzeko ordena logikorik: lagun mina galtzen duzu 9 urterekin, amona ia 40 dituzunean hiltzen da, beste bati ama hiltzen zaio 20 urterekin, gero 100 urte beteta hil ezinik dagoen jendea ezagutzen duzu... Ez dago gauzak hala gertatzeko ordena logikorik. Ziurtasun bat eta bakarra izaten da: jendea hil egiten dela. Eta hiltzeko bete beharreko baldintza bakarra bizirik egotea da. Erraz hitz egiten dugu bizitza erre egiten duen jendeaz, gaixorik dagoenaz, bizimodu txarra daramanaz… baina inork ez du beste inork baino merezimendu gehiago egin behar hiltzeko. Jaio ginen guztiok ordainduko dugun zorra da.

Nola diren gauzak, hala ere: gure belaunaldiarentzat tabu handia izan da heriotza. Ia ez dugu horretaz hitz egiten. Ihes egiten diogu: ihes fisikoki eta ihes sinbolikoki. Gaur Santu Guztien Eguna da, eta bihar hildakoena. Heriotza gure bizitzetatik kentzeko ahalegin eternalean bizi gara. Ez dezagun gauza bera egin hildakoekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.