Julio Ramon Rybeyrok idatzi zuen maitasunak ez duela erantzunik behar; adiskidantzak bai, ordea. Ondo arrazoitu zuen: ezin dugu gure lagun izan nahi ez duen inoren lagun izan. Maitatu, ordea, maita dezakegu ezagutzen ez gaituen norbait, edo gu ez maitatzea deliberatu duena,edo gurekiko ezer handirik sentitzen ez duena. Horrela esplikatu izan ditugu ezinezko maitasunak eta crush-ak, adibidez. Guk haiek maite ditugula edo maite izan ditugula sinetsarazten diogu geure buruari, eta begiek dir-dir egiten digute agertu direnero. Zalantzak ditut hori maitasuna ote den, hala ere. Norbait desio izateko ez dut hura ezagutzerik behar. Erakargarritasuna tripetan jaiotzen den gauza bat da niregan, baina maitatzea ez zait iruditzen maitasuna deitu izan diodan hori denik. Pentsatzen dut norbaitekiko enpatia senti dezakedala ezagutu gabe edo pentsatu dezakedala ezagutuko banu ondo konponduko ginatekeela. Maitatzeko, baina, ezagutu egin behar dudala iruditzen zait. Izan ere, zenbat eta gehiago ezagutu ditudan ezinezko maitasunak gero eta gutxiago gustatu zaizkit.
Eta bai, espektatiben kontua traba da halakoetan, baina hortik harantzago, maitasuna deitu izan diodan hori ere ez da beti hala izan. Edo besterik gabe: geure buruari zor diogu maite gaituztenak maitatzea.

BIRA
Maitasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu