andoni egana
HITZ ETZANAK

Argi-argi

2020ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Joandako egunotan, Londresko National Galleryk Joaquin Sorolla margolariaren artelan bat erosi du 361.000 euroan. El borracho, Zarauz du izenburua.

Bazuen ohitura artista valentziarrak Parisera bidean Euskal Herrian geratzekoa. 1910eko uda Zarautzen ematea erabaki zuen. Hurrengo urtean erakusketa bat egin behar zuen Chicagon, eta Kantauri itsasertzak eskaintzen zion kolore eta argi aukera bat Mediterraneoak ez bezalakoa. Familiarekin etorri zen eta La Perla hotelean hartu zuten ostatu. Ez zien eguraldi onegirik egin nonbait. Familiak ez zuen uste bezain ondo pasa oporraldia eta Sorollak berak hondartzako eta itsasertzeko koadro batzuk egin arren, ez zuen nahi hainbat aukera izan bestelako kolore eta argi haiek harrapatzekoa. Aurrerantzean ez ziren itzuli.

Baina gauzak zer diren. On eta txar beti da nondik begiratzen zaion. Euriarengandik babesten hasita, taberna-zuloetan aurkitu zuen zer margotua. Beste artelan bat badu, garai eta toki bertsuan egina, Moscorra izenburuduna. Belarria ere jarri egin zitzaion nonbait. Zerbaiten bila ekin eta beste zerbait aurkitu. Askotan gertatzen da. Berak ez zekien, baina hizkuntzan zetzan gakoa. Ez dugu alferrik esaten zurrutean ari denarengatik «argi-argi eginda» dabilela...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.