andoni egana
HITZ ETZANAK

Asimetria

2020ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Lehen zitaren ondoren, esker ona erakuste aldera edo, ez zizkion loreak edo bonboiak bidali. Igorri zion bere azken lana, zeinak zuen izenburu Fenomeno fisikoen simetriari buruz. Arlo elektriko eta arlo magnetikoaren simetria. Eta, jakina, maitemindu egin ziren, eta ezkondu.

Pierre Curie zen, 1895. urtean,Maria Sklodowskari oparia igorri ziona. Egia esan zion Mariaren aitak Pierrerenari ezkontza egunean: «Maitatzeko moduko alaba izango duzue Maria. Jaio zen egunetik ez digu disgustu bakar bat ere eman». Egia, baina motza. Aita ere ez zen jabetzen nonbait ze bitxi sortu zuen. Handik zortzi urtera senar-emazteek Nobel saria lortu zuten Fisikan, eta handik hamaseira Kimikakoa eskuratu zuen, bakarka, Mariak. Hala dio bere idatzi batean Pierrez ari dela: «Gure elkarbizitza estua zen oso. Interes berberak genituen. Ikerketa teorikoak eta laborategiko esperimentuak. Eskolak eta azterketak prestatu». Eta aurreraxeago: «Baliabide oso murritzak genituen, eta etxeko lanez eta sukaldekoez nik arduratu behar izaten nuen».

Itxialdi garaian okerren nork pasatu duen sumatzen dut. Bikotea. Berrogei urte jirakoa. Biak telelanean. Eta bi-hiru ume etxean bueltaka, bakoitza arreta berezitua eskatuz. Ama askok egingo zuen gainezka. Ea Nobel saririk ez den bidean galdu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.