andoni egana
HITZ ETZANAK

Baino

2020ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Ia berrogei urteko Gazte arloko teknikaria; berrogeitaka urteko Gazte arloko zinegotzia. Prentsaurrekoa ematen ari dira, eta ez dakit zergatik, baina ezin dut irribarre maltzurra saihestu. Gazteriaren leku eta jarduera propioen betiko premiari erantzuten ahalegindu ziren erakundeak laurogeiko hamarraldiaren hasieratik. Gazteria erakundetzea oximorona da, ordea. Itsasoa barearaztea edo mendiari ataken lekuan ateak jartzea bezain ezinezko. Gazteak bere bidea egiten du, autoantolaturik askotan. Baina karguak eta postuak hor geratzen dira…

Mugikortasun diputatuak esan du: «Garraio publikoa lantegiak edo erosketak egitea bezain segurua da». Kultura sailburuordeak esan dezake: «Kultur ekitaldiak garraio publikoa edo tabernak baino seguruagoak dira». Eta Turismo arduradunak: «Lantegiak eta kultur ekitaldiak bezain seguruak dira hotelak eta aireportuak».

Bakoitzak bere gurdiari tiratzen dio, jakina. Sumatu ez dudana da erakundeei loturiko gazteria arduradunik esanez: «Gazteen bilerak eta ibilerak ez dira garraio publikoa, lantegiak edo kultur ekitaldiak baino arriskutsuagoak». Xehetuko lukete esalea. Ez litzateke zientifikoa segur aski. Baina nork ziurtatzen dit niri hain borobil botatako beste horiek badirela?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.