andoni egana
HITZ ETZANAK

Morboa

2021eko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Zure laguntzaren premiarik ez da ordurako. Baina jendartetik begira geratu zara. Buruak agintzen dizu hobe zenukeela handik hanka egin, ez zaizula ezer galdu han. Baina bada zugan kontzientzia baino indar handiagoko zerbait. Ez da jakin-min soila; ez da zu han zeundela erakutsi nahi hutsa; ez da gero kontatu ahal izatearen plazera bakarrik. Morboa deitu diote. Eta oso humanoa da, nonbait, heriotzarekin zerikusi zuzena baitu hitzaren erro-erroan.

Kale-iskanbila, kale-zorabio edo istripuetan askotan gertatzen da. Jende zurrunbiloa jiran. Begi oro puntu batera josirik. Morboa. Eta orain, gainera, sakelako eta sare sozialak tarteko, morbo birtransmititua. Sinisten al duzue istripua gertatu eta lau-bost egunera pertsona bat baino gehiago sumatu dudala ertzainen autoa Urumea ibaira jauzi zen lekuan petrilari eta barandari argazkiak atereaz? Gaixotasuna behar du derrigor…

Hedabideek badakite morboak saldu egiten duela. Gipuzkoako egunkari salduenak lehen orrira ekarri du, Aizarnazabalen hilik aurkitu duten emakumea ia kokoriko, ahozpez eta prakak erdi-erantzian zituela zegoela. Ez da morboa elikatzeko modua baino. Ez baitut bere onean dagoen inor irudikatzen, berria jakin ondoren galdezka: «Eta prakak nola zeuzkan?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.