andoni egana
HITZ ETZANAK

Azkenean

2021eko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Bidasoa aldeko kazetari batek idatzitako xelebrekerien zerrenda luze bat bada. Horietako batean, kontatzen dute Irungo pertsona ezagun bat oso gaixorik zegoela eta herrian hil ote zen hotsak zabaldu zirela. Kazetariak heriotzaren berri eman egin zuen: Erauso hil da. Ez zen hil, ordea. Eta bere okerra onartu beharra izan zuen, barkamen eskaerarekin batera. Handik egun batzuetara zinez hil zen Erauso zelakoa. Eta kazetariak, hainbeste buruhauste sortu zizkion heriotza haren aurrean, ezin izan zuen bere benetako sentimendua ezkutatu. Hil da Erauso, azkenean! titulatu omen zuen.

Kazetari hura etortzen zait gogora nuda propiedad edo jabetza soil entzuten dudan bakoitzean. Gero eta maizago entzuten hasi garen zerbait da. Etxea saltzen du batek, diru-ordaina bat-batean jasotzen du, eta hil artean bertan bizi daiteke. Salneurria, merkatukoa baino baxuagoa izango da, noski; heriotza zenbat eta urrunago sumatu, orduan eta baxuagoa. Pentsio-sari negargarria duenak bizirauteko izan dezakeen irteera modu bat da. Bizitza osoa lanean ernegatzen eman eta… sistema honek eskaintzen dizun irtenbidea garratza da nonbait. Esku hutsik etorri; esku hutsik joan.

Zugatik «hil da azkenean!» pentsatuko duen norbait badela jakiteak ez du zahartzaroa asko goxatuko…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.