andoni egana
HITZ ETZANAK

Nahasian

2021eko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Ekialdean sorturiko mitoa omen da, baina mendebaldetik iritsi zitzaigun guri. Haurtzaroan ez genuen adarbakarraren ezagutzarik. Gaur egun, edonon ikusiko duzu: haurren eskolarako bizkar-zorroetan, marrazki bizidunetan, litxarreria gozo bihurtua, kutun... Gazte ginen Silvio Rodriguezi adarbakarra zer zen ikasi genionerako. Galdutako adarbakarra, urdina, Roque Dalton idazle iraultzaile salvadordarra gogoan zuela sortua.

Mendebaldetik etorriko zitzaigun zuzenean, itxura osoa hala du, start-up hitza eta kontzeptua. Start-up-ak dira enpresa berriak, hasierako kapital handiegien premiarik gabe, teknologiaren erabilera oinarri hartuta, komertzioan edo zerbitzuen arloan behetik gora modu erraz eta azkarrean egin dezaketenak. Puf!

Albistea da, Donostian 2019an sortu zen enpresa bat, konputazio kuantikoan aritzen den start-up horietako bat, adarbakar bihurtzeko zorian dagoela. Adarbakar deitzen omen zaie, 1.000 milioi dolar balio duten enpresa puntaeneko gutxi horiei. Adarbakar izatera heldu daitekeen lehen enpresa gipuzkoarra omen da. Adarbakar, start-up, 1.000 milioi dolar... bakarka ulergaitz eta nahasian emanda ulertezin gertatzen zaizkion honi, galdera bakarra otu zaio: poztu egin behar al nuke?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.